2008/06/23

San Joan bezpera

Gaur San Joan bezpera dugu. Eta bihar... Donibane, Doniene, Doniñe, San Juan, San Juen... Ederra da jai hau. Askotan ederragoa izan ohi da jai-bezpera jai-eguna bera baino. Etorriko denaren aurrekaria, balizkoaren altxagarria.

Ekaina

Herri batzuetan, ekainaren 21ean, udaren hasierarekin bat egiten duen udako solstizioa ospatu dute gure Euskal Herri luze-zabalean.

Seigarren hilabete honek baditu beste hainbat izen: bagila, garagarrila, garagarzaroa, arramaiatza, errearoa... Euskara batuan darabilgun “Ekaina” izen dotorea da oso; euskaldunok, garai batean –gaur egun baino sarriago- zerura begira bizi ginela gogorarazten diguna. Eki ‘eguzkia’ + gain(a) ‘gainean’. Eguzkia gain-gainean daukagu hilabete honetan; udako solstizioa, alegia. Urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena... Hemendik aurrera egunak laburtzen joango dira eta gauak luzatzen; horri aurre egin eta eguzkiari berotzen jarraitzeko gogorarazteko sua pizten zen eta pizten da. Geroago kristautasunak San Joan Bataiatzailearekin lotu zuen EKAINeko su-festa hau.

Suaren inguruan ekainaren 23ko iluntzean suaren inguruan horrelakoak abestuko ditugu:

San Juan bagille bagillekoa

sapok eta subek erre

artok eta garik gorde.

(Jatabe, B)

San Joan eguneko sorta eta lizar-adarra Dimako baserri batean (2007)

Suak, urak eta landarediak indar berezia daukate San Joan bezpera eta San Joan goizean. Sua eta uraren zentzu berritzaile eta garbitzailea alde batera utzita landarediaz zenbait ohar egingo ditut labur-labur:

Euskaldunon artean badira bedeinkazio beharrik ez daukaten bi zuhaitz, berez bedeinkatuak direnak: elorria eta lizarra. Bi zuhaitzok egundoko garrantzia daukate ekainaren 23tik 24rako gau magiko honetan.

Elorri zuria

Elorri edo Arantza zuriaren zientzia izena “Crataegus monogyna” da. Gaztelaniaz, espino blanco edo espino albar esaten diote.

San Joan egunean, elorri adarrak edo koroak (arrosaz apainduta) etxeko ate eta leihoetan jartzen dira etxea tximistetatik babesteko.

Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) elorri-arantza bat eramaten dute tximistetatik babesteko. Tximistorratz lanetarako ere erabili izan da elorria gure artean.

Urbasako artzainek ardi-txabolaren ateburuan elorri adarra jarrita hiru aldiz pasarazten zituzten euren ardiak berauek babesteko. Elorriarekin batera arrosa ere jartzen dituzte ardiak zora ez daitezen.

Elorri zuria (Crataegus monogyna)

Lizarra

Lexarra, leizarra edo lizarra, euskaraz. Zientzia-izena: Fraxinus excelsior.

Hainbat herritan elorriarekin batera lizarra ere jartzen da etxeko sarreran. Larrabetzun, Sondikan eta Zornotzan esaterako, gurutze bat egiten dute lizar adarrekin.

Lizarra (Fraxinus excelsior)

San Joan belarrak

San Joan goizean (eguzkia irten aurretik!) batutako hainbat lorek gaixotasun ugari sendatzen dituzte... Tartean senda-belarrak (mendafina, erromeroa...), lore apaingarriak (arrosa, lirioa...), baratzekoak (intxaurrondoa, porruak, kipulak, berakatzak, artoa...), eta bestelakoak (mihilua, San Joan loreak) egon daitezke. Goizen goiz, elizara eraman eta bedeinkatu eta gero batzuk etxe sarreran jartzen dira lore-sorta osatuta eta beste batzuk etxean gordetzen dira...

Bestelakoak

Intsusa-lorea (Sambucus nigra) San Joan eguneko goizean errekan sartuta hagineko minari aurre egiteko erabil daiteke.

Leku batzuetan ekaitz eta tximisten aurka sua egin eta ereinotz-adarrak (Larus nobilis) erretzen dira...

Hazparnen kardulatza (Cirsium sp.) landatzen dute gari-soroan eguzkia irten aurretik, horrela gari arteko kardulatz guztiak desagertzen omen direlako...

San Joan lorea (Leucanthemum vulgare), lore-sortako bat

Ekainaren 23ko gau honetan, ehunka -agian milaka- urteetako ohiturari eutsiz baserritarrek euren soro bazterrak zeharkatuko dituzte, lasto-sortak sutan daramatzatela, uztak etsaietatik babesteko asmoz... Gauaren etsaia eguzkia dugu, eta sua haren aitzindari eta ikurra. San Joan sua.

No hay comentarios: