2008/07/01

Algortarrak, guaitoak?


Euskal Herrian oso errotuta egon da herritar (edo familia) bakoitzari ezizena, gaitzitzena edo izengoitia jartzeko ohitura. Gaur egun hainbat herritan oso ondo eusten diete ezizen zaharrei eta berriak sortzen dihardute, etengabe. Baina, gaur ez naiz horren inguruan luzatuko.

Maila bat goragoko ezizenen inguruan jardungo dut. Herritarren -nahiz auzo jakin batekoen- gaitzizenez, alegia.

Getxoko Algorta auzoko herritarrek "guaitoak" ezizena daukate.


Ezizen honen jatorria ez da –askok hori uste duten arren- gaztelaniaz lagunarteko hizkeran erabili ohi den GUAY hitzaren txikigarria. Arrain baten izena da GUAITO. Aldaera asko dauzka izen honek, goaito, güeito, güito...

Gaztelaniazko izen generikoa Gobio da. Euskara batuan, Zarboa.


Guaitoa edo buruzkoa (Gobius sp.)
Argazkia hemendik hartu dut.


Algortan Gobiidae familiako arrainak izendatzeko bi hitz erabiltzen dira, BURUSKO (buruzko) eta GUAITO. Lehena bigarrena baino gehiago erabiltzen da ezkatadun arrain hauek izendatzeko. Itxuragatik euskarazko forma dirudi lehenak eta gaztelaniazkoa bigarrenak. Plentzian eta Armintzan ere “burusku”/”burusko” terminoa erabiltzen da.

GUAITO izendapena, Areetan erabiltzen dute gehiago. Agian, areetarrek algortarrei jarritako ezizena izango da hau, kontu jakina baita inguruko herriek (edo auzoek) asmatzen dituztela ezizenak.


Telesforo de Aranzadik (Nombres de peces en euskera, 1933), Santurtzin, goaito eta Bilbon (eta Olabeagan) sarbo formak jaso zituen.

Eneko Barrutiak Bizkaiko Arrantzaleen hiztegia liburuan (2000), jasotzen duenez, Zierbenan güeito darabilte, baina kabuxa edo erdarazko ‘babosa’ izendatzeko.


Ez dira nahastu behar ordea, Algortako erabileran behinik behin, buruzkoa edo guaito/goaito eta kabuxa edo babosa.

Lehen bikotea Gobiidae familiako arrain ugari izendatzeko izen generikoa dugu. Ezberdinak dira, berriz, gaztelaniazko babosa edo euskarazko kabuxa izen generikoa hartzen duten Blenniidae familiako espezieak. Azken hauek ez daukate ezkatarik, lingirdatsuak dira.

Algortan bi familiak jan izan dira, baina finagotzat hartzen da buruzkoa, hezur gutxiago dauzkalako... Frijituta jan izan da buruzkoa. Kabuxa, aldiz, zopan.

GUAITO edo BURUZKO izen generikoa hartzen duten espezierik ohikoenak:

a) Gobius niger: Zarbo beltza. Caparrudo. Black goby.

b) Gobius paganellus: Paganell zarboa. Paganel, bobi. Rock goby.

c) Gobius cruentatus: Zarbo odoldua. Gobio sangrante, Góbit. Red-mouthed goby.

d) Gobius cobitis: Zarbo buruhandia. Gobio gigante. Giant goby.


Zergatik ezizen hau?


Valentín Solagaistuak bere Getxo historia de sus gentes (2003) liburu ederrean ezizenaren zergatia ematen digu:

"Asimismo, de la denominación goaito algunos han querido extraer el origen del nombre "Guecho". Cuenta alguna historia popular que desde La Avanzada, en la playa Balanar -hoy llamada playa de la bola-, hasta las playas de Arrigunaga y Cobo el agua estaba abarrotada de pequeños peces llamados guaitos...”


Algortan, sarritan entzun daitekeen beste azalpen bat ere badago; 'guaito'a haitz-arteko arrain txikitxoa dela, eta aho-handikoa (gorago ikusi duguna, alegia). Algortarrak harroak direnez... txikitxoak eta harroak... baina aho-handikoak?

Algortan bada elkarte bat izen hau daukana: Asociación de Amigos Algorteños "Guaitos".

Euskal Herriko ezizenen artean asko dira animalienak; hona hemen adibide batzuk:

Kostaldean, itsasoarekin lotutako izenak ditugu: Lantzoiak (Ondarroa, arraina), Lapa-zorrixak (Mutriku, krustazeoa), Guaitoak (Algorta, arraina)...


Adibide gehiago...


Bizkaikoak:

Kokoak (Zeanuri, Morga), Txuberaxuak (Zeberio), Akerrak (Larrabetzu), Zorriak (Lezama), Txinboak (Bilbo), Tximintxak (Derio), Zapoak (Durango), Mozoloak (Galdakao)...


Gipuzkoakoak:

Arkakusoak (Zaldibia), Beleak (Zegama), Saguak (Zerain), Ontzak (Andoain), Txantxikuak (Oñati), Oiloak (Alkiza), Euliak (Amezketa), Otsoak (Ataun), Sakelak [igelak] (Azkoitia), Zapoak (Azpeitia, Gaintza), Bareak (Beasain), Tarinak (Deba), Akerrak (Errezil), Azeriak (Idiazabal), Antzarrak (Lazkao), Txantxikuak (Oñati)...


Informazio gehiago nahi izanez gero:


1 comentario:

Toce dijo...

Oso interesgarria. Algortakoa naz ta ez nekien ezizenaren zergatia.