2008/08/05

Agapantoak zimeltzen

Uda bete-betean gaude. Urtaro guztietan bezala, honetan ere, naturak bere zikloak ditu. Nola gizakiok hala gainerako izakiek... salbuespenik gabe. Denbora ez da alferrik pasatzen inortxorentzat, ezta gure herri eta hirietako lorategietako landareentzat ere.

Gizarte kontsumista honetan landareak elikagai moduan erabiltzeko ez bada bazterrak apaintzeko erabiltzen ditugu.

Atzo, txikitako eskola-fitxa batzuk topatu nituen, zazpi urte nituenekoak. Animalia eta izenondo batzuk lotzeko ariketa batean horra erantzun “zuzenak”: “El león, dañino; el mosquito, perjudicial; el perro, útil; la vaca, beneficiosa”. Eltxoa kaltegarria? Eltxorik ez balitz txori askok ez lukete izango zer ahoratu... Baina gizakioi sarritan gaixotasunak ekartzen dizkigunez... honi antropozentrismoa esan zioten filosofoek bere garaian.

Inoiz ez naiz lorategietako landare eta zuhaitz exotiko eta arrotzen zalea. Kaioletako txori abeslarien traza hartzen diet lekuz kanpoko landareoi. Egun sargoritsuetan Husky siberiarrei begiratzen diedan bezalatsu begiratzen diet.

Bertoko landaredia ia-ia ez dugu ezagutzen eta lorategietako landare loredun guztien izen-abizenak ezagutzen ditugu. Artearekin, mitologiarekin, kulturarekin oro har, berdin-berdin gertatzen zaigu, kanpokoa, urrutikoa, gertukoa, etxekoa baino hobeto ezagutzen dugula maiz.
Asko dira etxe inguruak apaintzeko erabiltzen ditugunak: nartzisoak/lilipak (Narcissus sp.), gladioloak/ezpata-loreak (Gladiolus sp.), geranioak (Geranium sp.), fuksiak (Fuchsia sp.)...

Bada, orain, gure lorategietan zimeltzen ari zaigun landare bat: AGAPANTOA. Agapanthus africanus da bere zientzia-izena.


“Agapanthus” generoak grezieran du jatorria. “Agape” hitza batetik, ‘maitasuna’ eta “anthos” bestetik, ‘lorea’. Beraz, maitasunaren lorea. Horregatik gaztelaniaz agapanto izen ezagunaz gain “flor del amor” izena ere badu. Liliaceae familiakoa da.

Aipagai dugun landarea africanus espeziekoa da; izendapen honek bere jatorria salatzen du, izan ere landare hau Hegoafrikakoa da. Aurrekoez gain gaztelaniaz “lirio africano” izena ere badu. Ingelesez "African Lily" da izendapenik ezagunena.

Udaberri amaieran edo udan loratzen dira agapantoak... Lore urdin edo zuriak izan ditzakete.

Esan dugun bezala, landare hosto-iraunkor honen lore ederrak orain ari zaizkigu zimeltzen, goza dezagun bada, lore eder hauetaz datorren urtera arte agur esan aurretik.


Hegoafrikan, Xhosa etniako biztanleen artean landare hau etxe-apaingarria ez ezik beste zerbait ere bazen... euren ohiturari jarraituz Xhosa emaztegaiak agapanto landarearen sustrai lehor eta loreez egindako lepokoa janzten zuen, emankorra izan zedin eta arazorik gabeko erditzea izan zezan.

Lehen umea izandako emakumeak beti eraman behar izaten zuen lepoko hori, bera eta bere semea edo alaba osasuntsu eta zoriontsu bizi zitezen.
Agapanto-sustraiak ematen zitzaizkion amari ondo-ondo txikituta, erditu aurretik eta ondoren. Jaioberria lore-estraktuekin bainatzen zuten.


Azoketan landare honen sustraiak saltzen zituzten azaleko gaitzak sendatu eta hilekoaren mina arintzeko.

Azken batean, hemengo apaingarria Hegoafrikan sendabelarra da.