2008/12/09

Animalien eskubideen nazioarteko eguna

1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zen. Handik 50 urtera, 1998an, Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna finkatu zen: International Animal Rights Day.
Harrezkeroztik abenduaren 10a giza eskubideen aldeko eguna ez ezik sufritzeko eta gozatzeko gaitasuna daukaten gainerako izaki guztien eguna ere bada. Aldarrikapen eguna da, elkartasun eguna. Animaliekiko hartu-emanetan gizakiok dugun jarrera poliki-poliki aldatu nahi dugu.
Ez dugu onartu behar, animalia-espezie jakin batzuek zientziaren, kirolaren edo irabazteko irrika zoroaren izenean sufritzea.
Animaliok ere bizitzeko, aske izateko eta euren inguruan gozatzeko eskubidea daukate.

Ez da kontu erraza, ordea, gizarte kontsumista honek gero eta produktu gehiago eskatzen dituelako eta denbora-tarte txiki-txikian. Dena da “erabiltzea eta botatzea” gure neurrira eraikitako mundu zoriontsu horretan: larruzko berokiak harrotasunez janzten ditugu, ez dugu ezkutatzen zezenketetan parrandarako irrikan, kaioletako txorien abesti negartiez apaintzen dugu gure antzeztokia...

Txikitatik, heredatzen dugu animaliekiko basakeria: sugandilei buztana moztuz, eltxoei hegalak erauziz, txoriak harrikatuz... Gaztaroko ankerkeria hori kroniko bihurtu zaigu tamalez...


Hona hemen gaztelaniazko webgune interesgarri bat.

Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala
Animalien Eskubideen Nazioarteko Ligak onartua. 1978ko urriaren 15ean, Nazioarteko Ligak, Liga nazionalek eta erakunde hauetara atxikitako pertsona indibidualek aldarrikatua. UNESCOk, lehenik eta NBEk ondoren, onartua.

1. artikulua
- Bizitzaren aurrean animalia guztiak berdin jaiotzen dira eta biziraupenerako eskubide berak dituzte.
2. artikulua
- Animalia orok errespeturako eskubidea du.
- Gizakiak, animalia espezie bat den adinean, beste animaliak suntsitzeko edo esplotatzeko eskubiderik ez du. Bere ezagutza animalien zerbitzura ezartzeko betebeharra du.
- Animalia orok du gizakiaren arretarako, zainketarako eta babeserako eskubidea.
3. artikulua
- Animaliei ezin zaizkie tratu txarrak eta krudelak eragin.
- Animalia hil behar bada, bat-bateko heriotza, minik gabea eta estuasunik eragingo ez diona izango da.
6. artikulua
- Gizakiak kide gisa onartu duen edozein animaliak bere bizitza bere biziraupen naturalaren modukoa izateko eskubidea du.
- Animalia bat abandonatzea, ekintza krudel eta umiliagarria da.
10. artikulua
- Animaliak ezin dira hezi gizakiaren dibertimendurako.
- Animalien agerraldiak eta ikuskizunak animalien duintasunarekin elkarrezinak dira.
11. artikulua
- Beharrik gabe animalia baten heriotza eragiten duen edozein ekintza biozidioa da, hau da, bizitzaren aurkako krimena.
14. artikulua
- Animalien babeserako erakundeek gobernuan ordezkaritza izan behar dute.
- Animalien eskubideak gizakienak bezalaxe, legez babestu behar dira

No hay comentarios: