2009/10/27

Arbola madarikatua, gorri kolorez

Badira zenbait zuhaitz gure tradizioan santu edo bedeinkatutzat jo izan direnak: lizarra, elorria, ereinotza... Erramu egunean edo San Juan egunean baserrietako ateondo eta soroetan jarriko ditu hainbatek etxea ekaitzetatik babesteko. Baina bada zuhaitz bat –zuhaixka zehatzago esateko– madarikatutzat jo izan dena gure artean: zuhandorra.
(2009-10-25, Salburua, Gasteiz)
Igandean, Gasteiz ondoko Salburuako hezegunean, gorri-gorri zeuden zuhandorrak. Berdetik gorrira egin dute udatik hona zuhaixkok. Gogoko izan ditut beti herriak naturaren ezaugarri edota gertaerak azaltzeko ematen dituen azalpenak. Goazen bada izenetik izanera; hiru izen nagusi ditu euskaraz:

- Zuhain madarikatua / Arbola madarikatua (Z, L).
- Judas-egurra (Mutriku, Markina), Judasa (Elosua).
- Zuhandorra eta aldaerak (G, L, GN, BN, Z).

(2009-10-25, Salburua, Gasteiz)
Begi bistakoa da lehen bien kutsu negatiboa. Hirugarren izendapena –euskara batuan nagusitu dena– ilunagoa da. Aurreko bien bidetik azal daiteke ordea, zur + andur ‘doilorra’; hau da: “egur/zuhaitz doilorra". Larrabetzun (B) txakur-egurra esaten diote tiragomak egiteko erabili izan duten zuhaitz honi.

Fruitu helduak (2009-10-25, Salburua, Gasteiz)
Zer dela eta izen hauek?
Azkuek Euskalerriaren Yakintza lan ederrean hau jaso zuen:
Giputz baserritar batek: ·”Zer da zuandorra?” galde egin nionean, “Jesukristo jo zuten egur mota”, erantzun zidan. Erriak auxe dala uste du Jesukristo yoteko, il bear zuen egunean, bere etsaiak erabiliriko egurra.

Hostoak, gero eta gorriago (2009-09-10, Bolue, Getxo)
Zuhaixka honen hosto-adarrak udazkenean gorritzen direnez... ederra azalpena!!
Gorri kolore hori beste herrialdeetan ere odolarekin lotu izan da: zientzia-izenetik hasita, Cornus sanguinea; gaztelaniaz, “cornejo” formaz gain *cornicŭlus, latinezko cornus izenaren txikigarria sanguino esaten zaio; portugesez, sanguinho; katalanez, sanguinyol; galegoz, sangomiño...
Zuhaitz hau, lehengo euskaldunentzat ere, ez zen “parte onekoena”; izan ere, hau jaso zuen Azkuek: "Sorginek beren egunetan egur au erabilten omenzuten”.

Hosto berde gazteak (2008-06-17, Askorri, Getxo)
Ezin ederrago dauzkagu orain basoak, soildu bezperan, kolore ederrez jantzita. Zuhaitz hosto galkorrak berdetik marroirako kolore-festan: pagoak, haritzak, urkiak, astigarrak.... Tartean hosto iraunkorrak betiereko berdeari eusten diote, dekoratu baten altzari finkoak bailiran. Basora bazoazte eta beste horien aldamenean zuhandorrik ikusten baduzue, asmatu zergatik hartu duen kolore hori... Esaterako, pentsa dezakezue zuhaitz odoltsua barik lotsagorritutako norbait izan daitekeela, lotsak hartuta geldi-geldi geratu eta sustraiak bota zituena, aspaldi batean.

2009/07/13

Zimitza, mamorro zapal hori

Lehengo eguneko mendi bueltatxoan mihilu edo anis-belarrak (Foeniculum vulgare) zenbat hazi diren ikusten nengoela, aspaldiko lagun batekin egin nuen topo: marradun txintxe dotorea.

Hara! Esan nuen neure artean: euskaraz hainbat izen dituen zomorroa... Derioztarrei ezizena ematen diena... Gaztelaniaz jende askok txarto darabilen intsektu zapala...

Graphosoma lineatum
2009/07/09 (Iturgitxi, Berango)

Munduan mamorro hauetako 45.000 espezie inguru ezagutzen dira, horietatik Europan 1.000 inguru dauzkagu. Nik bakar bat ikusi nuen, baina momentu horretan ederrena begitandu zitzaidan.

Izen ugari
Lehenik eta behin, aipagarria da zomorro hau izendatzeko euskaraz dagoen izen mordoa: euskara batuan “zimitza” nagusitu da, bizkaieraz “imutxa/imitxa” eta iparraldeko euskaldunen artean “purnasa”. Beste hainbat izen -aldaera- ere badauzka: imitxa, imintxa, tximintx, tximitx, tximutz, zimintz, zumitz, txintxe...
J.A. Mogelek 1802 urte inguruan idatzitako Peru Abarka eleberri txukunean etimologia bitxi hau eman zuen: "Tximitxa edo imitxia esaten da tximurtxi, edo imurtxi egiten dabelako".

Gaitzizena Derion
Gauza ezaguna da norberaren inguruko herrietako biztanleei ezizena jartzeko egon den ohitura, horri buruz aritu ginen aurreko batean.

Deioztarrak tximutxak dira, lezamarrak zorriak diren bezala eta larrabetzuarrak akerrak.
Derioko euskara elkarteak izen hori dauka: Tximintx euskara elkartea.

El chinche ala la chinche?
Gaztelania erraza ei da, baina ondo hitz egitea... ez dakit ba!
Unibertsitateko ikasketak amaituta jakin nuen erdarazko chinche hitzak genero femeninoa zeukala, la chinche. Ordura arte maskulinoan nerabilen! Txintxeta hitzaren oinarrian zegoela ere orduantxe jakin nuen... Bitxia bada ere euskarazko hiztegi ezagun batean ere maskulinotzat jotzen dute gaztelaniazko chinche hitza.
Fama txarreko intsektua
Pertsona astuna bai latinez, bai gaztelaniaz gaur aipagai dugun zomorroarekin lotu izan da. Euskaraz esanahi horrekin bestelako ‘zomorroak’ erabili izan dira: kakalardoa, potrozorria, lapazorria... Euskaraz eta gaztelaniaz, baten bat gauzak epaitzen oso zorrotza denean txintxe samarra dela esan ohi da.

Egia da zimitzetako batzuk odola xurgatzen dutela, gautiarrak direla, ziztada mingarriak eragiten dituztela... baina ez guztiak!

Latinezko formatik (cimex, -icis) dator gaztelaniazkoa (chinche). ‘Esamesa’ adiera duen “chisme” hitza ere latinezko hitz horretatik jaso zuen gaztelaniak; izan ere, garrantzirik gabeko gauzatzat jo izan da zimitza, lehen eta orain.
Zimitz gorri-beltza...
Mihiluaren gainean kulunka harrapatu nuen zimitzaren zientzia-izena: Graphosoma lineatum. Gaztelaniaz, chinche rayada. Gure mendietan mandaperrexiletan (Daucus carota) ikusi ahal da batik bat.

Itxura deigarri horrek (marra beltzak hondo gorrian) badu bere zergatia... Kolore aposematiko honek zera adierazten du: “zapore txarreko intsektua nauk/n, jaten banauk/n bihotzerrea izango duk/n”. Estrategia hori espezie horren mesedetan garatutako kontua da, harrapari gazteek banaka batzuk jango dituzten arren... Banako batzuen sakrifizioa gainerakoak babestuko ditu. Beste intsektu batzuek ere erabiltzen dute estrategia hori (kolore aposematikoa): marigorringoek, liztor espezie ugarik...

2009/04/22

Zomorro borrajazaleak

Udaberri bete-betean gaude. Natura esnatu da. Jendea ere umoretsuago dabil. Gure soro eta mendietara joatea baino ez dago zomorro-festaren lekuko izateko. Ezinbestekoa da intsektuek lorerik lore egiten duten erromeria hori naturaren garapena eten ez dadin.

Erleak, erlastarrak… zomorro txiki eta handiak, guztiak presaka mendiko lore guztiak ezagutu nahian bezala. Hegaldi arinez lore bakoitzean tarte laburra eman eta hurrengora...

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Pasa den igandean harrituta gelditu nintzen ikusita zein azkar egiten duten zomorro abilek lore bakoitzeko saioa. Inguruko loreei baino tarte luzeagoa (3 segundo?) eskaintzen zieten bide bazterreko borraja-loreei.

Landare eta zuhaitz batzuek, intsektuak erakartzeko, estrategia aski ezaguna erabiltzen dute: kolore deigarri eta usain gozoko loreak. Intsektuok garraiatzen duten polenak lorea ernaldu eta landare berri baten hazia eta fruitua sortzen da.
Animalien laguntza behar duten landare-espezieek polinizazio entomofiloa izaten dute. Grezierazko ‘entomos’ hitzak "intsektu" esangura dauka.

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Baina ez da polinizazio modu bakarra, badira polinizazio anemofiloa (gr. ‘anemos’, haizea) eta hidrofiloa (gr. ‘hydrós’, ura) erabiltzen duten espezieak. Lehen taldekoak dira, besteak beste, gramineoak eta pinuak; hauek haizearen laguntzaz lore-hautsa barreiatzen dute. Polinizazio hidrofiloan –espezie gutxiago dira– urak zabaltzen du polena.

Animalien artean ere antzeko sedukzio-estrategiak daude: arrak kolore eta itxura deigarriagoa izan ohi du emearen arreta eta interesa pizteko. Horretaz hurrengo batean jardungo dugu.
Euskal Herrian borraja landarea (Borago officinalis, L.) baratzetan erein izan da, hala ere erraztasunez zabaltzen da baratzetik kanpo. Martxotik urrira bitartean ikus dezakegu loretan borraja. Lore urdinak edo zuriak izan ditzake.

2009/03/29, Berango

2009/03/29, Berango

Hosto eta zurtoin lakarra dauzka borrajak. Egosita jan izan da arantza txiki guztiak kendu eta gero. Potasio nitrato ugari duenez ahalmen diuretikoa eta izerdiaraztekoa dauka. Bestalde, gripea sendatzeko, bihotza indartzeko, minak arintzeko eta odola garbitzeko ere erabili izan da.

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Izen ugariko espeziea

Ekonomian edo kulturan garrantzi handiko gauzak eta kontzeptuak izendatzeko forma gutxi (bakar bat askotan) egon ohi da: aza, oloa, haritza… Bestalde garrantzi handirik ez daukaten elementuek izen ugari dauzkate: tximeletak, konparaziorako, ehundik gora izen ezberdin dauzka.

Euskara batuan borraja terminoa erabiltzen bada ere sinonimo ugari dauzka:
Morroin (B, BN), morraiña (Zaraitzu, Erronkari), borraiña (Erronkari), borreñe (GN), borroin (R), morrion (BN), murriun (L), murruin (Z), murrion (Larramendi), porrain (GN), porraiña (BN), porraña (GN), porroin (B), berroya, borraia, burbuilu, burruillu...

Bergaran, “borraja lora” edo “asun aza” esaten zaio.

Gaztelaniaz: borraja, borraja común, borracha, bora, corrago, alcohelo, flores cordiales...
Katalanez: borratja, borraina, pa-i-pexet.
Beste hizkuntza batzuetan: Borragine (italieraz), borretsch (alemanez), borage (ingelesez), bourrache (frantsesez)…

2009/03/29, Berango
Etimologia bitxiak
Lacoizqueta botanikoak 1888an argitara eman zuen hiztegian (Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas) hiru forma dakartza: murriona (Larramendiren hiztegitik hartuta), morroina, porraña eta borraja.
Eta sarritan aipatu ohi denez, “euskaldun bat non etimologiazale bat han”...

1.-“Murriona de MURRIA tristeza, melancolía y ONA bueno, cuyo conjunto equivale a buena para curar la tristeza o melancolía, de cuya reputación gozó en otro tiempo, y aun hoy entran sus flores como béquicas y sudoríficas a componer las que se llaman cordiales".
2.-“MORROINA, corrupción de MURRIONA, aunque puede venir también de MURRIA pared, muro y OINA pié, y quiere decir pié de muro, aludiendo a su estación que es la base de las murallas de los huertos”.
3.-“En esta comarca es conocida con la denominación de PORRAÑA, de PORRUA puerro y aña tanto o como tanto, cuyo compuesto vale como si se dijera, tanto como el puerro, aludiendo a su propiedad de purgar los humores melancólicos, como el puerro los humores gruesos y pegajosos, o al uso en ensalada común a una y otra especie”:

Euskaraz nagusi den borraja izena gaztelaniatik dator eta hau katalanetik (borratja). Katalanak latinetik hartu zuen (borrāgo, -inis).

2009/03/29, Berango

Corominasek bere aldetik, arabieratik eratortzen du:

“Probablemente del árabe vulgar buc’arāq (clásico ‘abu c’āraq) ‘sudorífico’ (literalmente, ‘padre del sudor’), por ser ésta conocida propiedad de la planta”.

Esan dugun bezala, zientzia-izena Borago officinalis da.
Generoa, latina da (borrago, -inis). Espezieak botiketan eta medikuntzan erabili izan dela erkartzen digu gogora: officinalis “botikakoa” (Berbena eta erromeroa bezala: Verbena officinalis, Rosmarinus officinalis, hurrenez hurren). Farmazia zaharrek “oficina” izeneko gela bat zeukaten, botikak prestatzeko erabiltzen zena.

Intsektuek abesten dute: "Txuri-urdin, txuri-urdin maitia..."
2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)


Quedar en agua de borrajas
Zerbait ezerezean gelditu dela adierazteko erabiltzen da esapide hori. Batzuen iritziz jatorrizko esapideak “agua de cerrajas” (kardabera) jasotzen zuen, eta aldatu de urteen poderioz. Kardabera-urak ez du ezertxotarako balio, hortik omen dator.

Joan Amades-ek Refranyer català comentat (1935) liburuan, “Tornar-se aigua de borratges” esapidearen atzean borrajaren ernatzeko gaitasuna dagoela aipatzen du. Izan ere, herri-sineskeran zabalduta zegoen «zapaltze hutsarekin, emakume bat haurdun gera zitekeela. Errazago oraindik egosi eta haren ura hartzen bazuen». Seguraski, borrajak zapaltzeko esperientzia etsigarri hark (ez zirelako haurdun geratzen) eragina izango zuen gerora esapideak hartu zuen adieran.

2009/04/02

Berdela eta erramua

Bi egun berezi datoz: Berdel Eguna eta Erramu-eguna. Gastronomia eta erlijioa. Zaila da gure herrian bata eta bestea bereiztea. Kristauek sarritan mahaiaren bueltan ospatzen dituzte euren jai seinalatuak; bestalde, hainbatek erlijio bihurtu dute gastronomia: hor dago sagardotegirako erromesaldia…

Berdel Eguna Mutrikun
Mutrikuk Berdel Jaiaren XIV. edizioa ospatuko du zapatu honetan. Ospe txarra zuen arrainari izen ona emateko eta berezko ezaugarri onuratsuak ezagutarazteko sortu zuen jai hau orain dela urte batzuk San Pedro Kofradiak, Udalarekin batera. Gipuzkoako kostaldeko herri hau bisitatzeko aitzakia aproposa izan daiteke tripa-festa hau. Gainera aurten 800 urte betetzen dira herria sortu zenetik…

Berdelak (Scomber scombrus)
Hemendik hartutako irudia

Milaka lagun batuko gara arratsaldeko dastaketa erraldoian; 4.000 kilo berdel prestatuko dituzte dozena bat errezeta desberdinetan: marmitakoa, txatka, kroketak, berdel-errea, pudina, olio-ozpinetan...
XI. edizioko (2006) pintxo batzuk

Arrainzaleok, arrainaren zaporea gustuko dugunok, ikaragarri maite dugu arrain urdin osasuntsu hau. Txikitatik izan dut gustuko berdela.

Garai batean arrain zuria kontsumitzera bultzatzen gintuzten mediku eta adituek. Gaur egun ordea (70eko hamarkadatik aurrera) arrain urdinen ezaugarri osasuntsuak azpimarratzen dizkigute adituek: omega-3 gantz-azidoak proportzio altuetan eta bitamina ugari, besteak beste. Ezin hobea da gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko, kolesterola eta triglizeridoen hazkundea apaltzeko…

Hona hemen zapatu honetarako egitaraua:
• Goizean: BERDEL PINTXOAK doan herriko tabernetan.
• 10:00-14:00: Bertan dendarien elkarteak antolatuta MERKATU TXIKIA izango da Txurruka Plazan.
• 10:00etan: Mutrikuko Kalatxori bela elkarteak antolatuta, MUTRIKUKO V. BELAUNTZIEN ARTEKO TXAPELKETAREN HASIERA.
• 12:00etan: TRIKITILARIAK herriko kaleetan.
• 13:00etan: HERRIKO ABESBATZEN KONTZERTUA, Zabiel Plazan.
• 17:00etan: MUTRIKUKO V. BELAUNTZIEN TXAPELKETAREN BUKAERA.
• 18:00etan: BERDEL PINTXO DASTAKETA, Mutrikuko Portuan.
• 22:00etan: Miruaitz pilotalekuan, URREZKO BERDELA ZESTA PUNTA TXAPELKETA (Sarrera: Doan).

Berdel-piperrada (Algorta, 2006)

Eskonbridoen familiako arrain honen zientzia izena: Scomber scombrus. Familia horretan daude hegaluzea, hegalaburra, atun moja…

Gaztelaniaz: caballa, sarda, verdel (Kantabrian eta Euskal Herrian).

Euskal Herrian, gaztelaniaz:
Verdel (Santurtzi, Algorta… -Hego Euskal Herri osoan, oro har-)
Biruelo (Santurtzi, Algorta): ‘berdel-kumea’
Pelicato (Santurtzi): ‘berdel-kumea’

Euskal Herrian, euskaraz:
Berdela (Armintza, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku,…)
Berdel gaztea (Elantxobe): 'tartekoa'.
Pelikato (Armintza, Bermeo, Mundaka): ‘berdel-kumea’

Beste hizkuntza batzuetako izendapenak ezagutzeko, egin klik hemen.

Bi espezieen antzekotasunagatik eta frantsesez (maquereau), ingelesez (mackerel) eta beste hizkuntza batzuetan daukan izenagatik sarritan beste honekin nahasten da: Scomber japonicus.

Makarela (Scomber japonicus)
Hemendik hartutako irudia.
Euskaraz:
Makarel (Armintza), makael (Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Mutriku...).
Betandi (Lekeitio), betaundi (Elantxobe, Ondarroa), berdel begihandia (Lekeitio).
Gaztelaniaz:
Cuerva (Santurtzi, Algorta), macarel (Zierbena, Algorta), estornino

Frantsesez: Maquereau espagnol eta ingelesez: Spanish mackerel

Garai batean, berdelaren arrantzan arrain honen buztanaren ondoko zatitxo bat jartzen zen amuan. Horregatik gogoratzen dute Algortako arrantzale zaharrek: “Al verdel con carnada de él”. Gaur egungo beita, kolore gorriko soka zatia da.

Gogoratu kanta kresaltsu hura: “Txitxarrua ta berdela, Joxemielen batela…”

Mutrikura bazoazte, on egin!

Erramu eguna gurean
Garizuma amaituta, kristauentzat Aste Santuko lehen eguna da Erramu-eguna edo Erramu-igandea. Egun horretako elizkizunean Jesus Jerusalemen sartu zela gogoratzen dugu. Tradizioaren arabera palma-orriak, olibondo-adarrak eta erramu-adarrak eskuetan hartuta egin zioten harrera Jesusi. Domeka honetan ereinotz adarrok bedeinkatuko ditugu Jerusalemgo gertakari haren oroigarri.

Hemendik hartutako irudia

Euskal Herrian ereinotz edo erramu adarrak (Laurus nobilis) bedeinkatzen dira “Erramu-egunean”. Adar horiek -gurutze forma emanda- etxe atarian josten ziren etxaldea babesteko.
Gure baserri zaharren inguruan erraza da erramu arbola lerdenen bat aurkitzea.

2009/03/23

Udaberriaren harmonia

Heldu da udaberria, eguraldi goxoaz lagunduta gainera. Eguzki-orduek eguna egunago egiten duten garai hau jendearen umorean islatzen da. Eguraldi eta urtaroek eragin zuzena daukate gure aldartean, negu luze honen ostean mendirako gogoz harrapatu gaitu udaberri argitsu honek...

Izadia apur bat aztertuz gero erraz konturatu gara, auzolana edo talde-lana ez genuela gizakiok asmatu. Gure zelai eta basoetako bikoteak aztertzea baino ez dago...

Mamorroak lorerik lore, lore-hautsa zabaltzen lore ederron mesedetan:

Izar-belarra (Stellaria holostea)
Nava de Ordunte, Valle de Mena (2009-03-22)

Txikoria-belarra (Taraxacum officinale)
Nava de Ordunte, Valle de Mena (2009-03-22)

Likenak ere hor dauzkagu: onddo eta algak.

Likena bizi-borborka dagoen zuhaixka baten adar puntan
Menamayor, Valle de Mena (2009-03-22)

Sarritan, gure gizartean nork bereari baino ez dio erreparatzen, asko dugu ikasteko naturarengandik.

Basoa lore deigarriz jantzi zaigu. Asteburu honetan pertsona-izeneko hainbat landare ikusi ditut gure inguruko basoetan...
Zerbait (edo norbait) ganoraz maitatzeko ondo ezagutu beharra dago. Ezin da estimuan izan bertatik bertara ezagutzen ez dena. Horretarako, mendialdera goazenean naturari hitz egiten utzi behar diogu, mendi tontorrak baino xarma handiagoa baitu bide-bazterreko detaile horrek...

San Jose loreak edo udaberri-loreak (Primula vulgaris)
Nava de Ordunte, Valle de Mena (2009-03-22)

Bioletak (Viola riviniana)
Legutio, Araba (2009-03-21)

Lilipak edo Nartzisoak (Narcissus sp.)
Legutio, Araba (2009-03-21)

Beronikak (Veronica sp.)
Legutio, Araba (2009-03-21)

Bidea eta bidezaina

Zuhaitz ondoko bidea... edo bide ondoko zuhaitza. Geure buruari galdetu beharko genioke bideak nora garamatzan, baina bidea nolakoa den ere garrantzitsua da, ezta?

Bóveda, Gaubea, Araba (2009-03-19)

Ederretsiko duen gozatzaile gabeko artelanik ez dagoen bezala, leku lasaigarririk ez dago, guztiok presaka bagoaz biderik laburrena hartu nahirik.

2009/02/16

Neguaren mainak, koloretan

Urte sasoi guztiek dute euren xarma. Naturari begiratzeko moduan egon ohi da akatsa: eskatzea ala hitz egiten uztea... Begi handidun ume haren pare, oraindik ez dut harritzeko gaitasuna galdu. Negurik gordinenean ere naturaren deia entzunez orbel umel azpitik eta itxura iharreko adar horretatik lore ederrak ageri zaizkigu, han-hor-hemenka...


Arrosa-purpura...

San Robertoren zaingorria (Geranium robertianum L.)

2009/01/17, Alango (Algorta)

Lila-morea...

Murruntza (Cymbalaria muralis)

2009/01/24, Ereaga (Algorta)

Zuri-horia...

Bitxilorea (Bellis perennis)

2009/02/12, Alango (Algorta).

Horia...

Korradu belarra (Ranunculus ficaria)

2009/02/15, Andra Mari (Getxo).

Arrosa kolorekoa...

Asun borta (Lamium maculatum)

2009/02/15, Askorri (Getxo)

Naturaren indarraz...

Lozorrotik esnatzen, sahats kimuak (Salix sp.)

2009/02/15, Askorri (Getxo)


Kolore ugari neguaren bihotzean. Espezie bakoitzak du bere garaia, lore bakoitzak bere ñabardura. Bada gure artean loretan dagoen zuhaitz ederra: MIMOSA-ARBOLA.

Pinu eta haritzaren ostean mimosa-arbola izan zen ikusiz ikasi nuen lehenengoetako zuhaitza. Amonarenean zegoen mimosia, galanta. Kalekumeok, zuhaitza zegoenik ere ez genekien bazter horretan, hara non agertzen zen urte hasieran hori kolore erakargarriz apaindutako arte-lana.

Udaberriaren gertutasuna salatuz, urtarriletik martxora bitartean loratzen da arbola hau.

Izen berezia dauka benetan zuhaitz honek, "mimosa". Euskaraz eta gaztelaniaz hala esaten diogu. Mainatsua ote? Espezie batzuen portaera harrigarritik datorkio izena: ukituz gero, hostoak (hainbat foliolok osatuak) uzkurtu egiten dira, eta zurtoinik finenak indarra galduz bezala zimel traza ematen diote. Harrapari eta etsaietatik babesteko modu bitxia da. Horregatik esaten zaio ingelesez Don’t-Touch-Me (‘ez nazazu ukitu’).

Mimosa hitza latinezko mimus-etik dator; ‘komediante’ esangura zeukan. Antzinateko mimoek keinuez adierazten zituzten euren sentimenduak. Halatsu zuhaitz berezi honek.

Gure artean nagusi den mimosak Acacia dealbata du zientzia-izena.


Generoa: latinezko formatik (acacia), eta hau grekeratik (akakía) ekialdeko espezie apaingarriak izendatzen zituena. Akis (= punta), Afrikako akazia espezie batzuek dauzkaten arantzengatik.

Espeziea: Dealbata, zurixka, bere folioloek (azpialdean) eta enbor-zurtoinak daukaten hauts zuriagatik.

Bitxia bada ere, gure artean hain ezaguna den espezie hau, ez da berez hemengoa, beno... Euskal Herrian ez da berezko landaretzat hartzen. Baina dagoeneko bertakotuta dago.


Landare inbaditzailetzat jotzen da. Hasiera baten parkeetan eta etxe inguruetan aldatzen hasi eta, gaur egun, hainbat bide bazterretan ikus genezake.

Jatorriz Australia hego- ekialdekoa eta Tasmaniakoa da. Ia mundu osora zabaldu da, apaingarri moduan landatuta. Normalean 10-12 metro izatera iristen da. Dena den 30 metrorainokoak izan daitezke.


Azkar hazten da. Suteen ostean mimosa da hazten den lehen espeziea (haziak hamar urtetik gora egon daitezke ernatu gabe). Duela gutxi Australia aldean izandako suteetan kiskaldutako basoetan lehenago edo beranduago haziko dira zorioneko mimosak, bazterrak hori kolorez jazteko...