2009/04/22

Zomorro borrajazaleak

Udaberri bete-betean gaude. Natura esnatu da. Jendea ere umoretsuago dabil. Gure soro eta mendietara joatea baino ez dago zomorro-festaren lekuko izateko. Ezinbestekoa da intsektuek lorerik lore egiten duten erromeria hori naturaren garapena eten ez dadin.

Erleak, erlastarrak… zomorro txiki eta handiak, guztiak presaka mendiko lore guztiak ezagutu nahian bezala. Hegaldi arinez lore bakoitzean tarte laburra eman eta hurrengora...

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Pasa den igandean harrituta gelditu nintzen ikusita zein azkar egiten duten zomorro abilek lore bakoitzeko saioa. Inguruko loreei baino tarte luzeagoa (3 segundo?) eskaintzen zieten bide bazterreko borraja-loreei.

Landare eta zuhaitz batzuek, intsektuak erakartzeko, estrategia aski ezaguna erabiltzen dute: kolore deigarri eta usain gozoko loreak. Intsektuok garraiatzen duten polenak lorea ernaldu eta landare berri baten hazia eta fruitua sortzen da.
Animalien laguntza behar duten landare-espezieek polinizazio entomofiloa izaten dute. Grezierazko ‘entomos’ hitzak "intsektu" esangura dauka.

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Baina ez da polinizazio modu bakarra, badira polinizazio anemofiloa (gr. ‘anemos’, haizea) eta hidrofiloa (gr. ‘hydrós’, ura) erabiltzen duten espezieak. Lehen taldekoak dira, besteak beste, gramineoak eta pinuak; hauek haizearen laguntzaz lore-hautsa barreiatzen dute. Polinizazio hidrofiloan –espezie gutxiago dira– urak zabaltzen du polena.

Animalien artean ere antzeko sedukzio-estrategiak daude: arrak kolore eta itxura deigarriagoa izan ohi du emearen arreta eta interesa pizteko. Horretaz hurrengo batean jardungo dugu.
Euskal Herrian borraja landarea (Borago officinalis, L.) baratzetan erein izan da, hala ere erraztasunez zabaltzen da baratzetik kanpo. Martxotik urrira bitartean ikus dezakegu loretan borraja. Lore urdinak edo zuriak izan ditzake.

2009/03/29, Berango

2009/03/29, Berango

Hosto eta zurtoin lakarra dauzka borrajak. Egosita jan izan da arantza txiki guztiak kendu eta gero. Potasio nitrato ugari duenez ahalmen diuretikoa eta izerdiaraztekoa dauka. Bestalde, gripea sendatzeko, bihotza indartzeko, minak arintzeko eta odola garbitzeko ere erabili izan da.

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Izen ugariko espeziea

Ekonomian edo kulturan garrantzi handiko gauzak eta kontzeptuak izendatzeko forma gutxi (bakar bat askotan) egon ohi da: aza, oloa, haritza… Bestalde garrantzi handirik ez daukaten elementuek izen ugari dauzkate: tximeletak, konparaziorako, ehundik gora izen ezberdin dauzka.

Euskara batuan borraja terminoa erabiltzen bada ere sinonimo ugari dauzka:
Morroin (B, BN), morraiña (Zaraitzu, Erronkari), borraiña (Erronkari), borreñe (GN), borroin (R), morrion (BN), murriun (L), murruin (Z), murrion (Larramendi), porrain (GN), porraiña (BN), porraña (GN), porroin (B), berroya, borraia, burbuilu, burruillu...

Bergaran, “borraja lora” edo “asun aza” esaten zaio.

Gaztelaniaz: borraja, borraja común, borracha, bora, corrago, alcohelo, flores cordiales...
Katalanez: borratja, borraina, pa-i-pexet.
Beste hizkuntza batzuetan: Borragine (italieraz), borretsch (alemanez), borage (ingelesez), bourrache (frantsesez)…

2009/03/29, Berango
Etimologia bitxiak
Lacoizqueta botanikoak 1888an argitara eman zuen hiztegian (Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas) hiru forma dakartza: murriona (Larramendiren hiztegitik hartuta), morroina, porraña eta borraja.
Eta sarritan aipatu ohi denez, “euskaldun bat non etimologiazale bat han”...

1.-“Murriona de MURRIA tristeza, melancolía y ONA bueno, cuyo conjunto equivale a buena para curar la tristeza o melancolía, de cuya reputación gozó en otro tiempo, y aun hoy entran sus flores como béquicas y sudoríficas a componer las que se llaman cordiales".
2.-“MORROINA, corrupción de MURRIONA, aunque puede venir también de MURRIA pared, muro y OINA pié, y quiere decir pié de muro, aludiendo a su estación que es la base de las murallas de los huertos”.
3.-“En esta comarca es conocida con la denominación de PORRAÑA, de PORRUA puerro y aña tanto o como tanto, cuyo compuesto vale como si se dijera, tanto como el puerro, aludiendo a su propiedad de purgar los humores melancólicos, como el puerro los humores gruesos y pegajosos, o al uso en ensalada común a una y otra especie”:

Euskaraz nagusi den borraja izena gaztelaniatik dator eta hau katalanetik (borratja). Katalanak latinetik hartu zuen (borrāgo, -inis).

2009/03/29, Berango

Corominasek bere aldetik, arabieratik eratortzen du:

“Probablemente del árabe vulgar buc’arāq (clásico ‘abu c’āraq) ‘sudorífico’ (literalmente, ‘padre del sudor’), por ser ésta conocida propiedad de la planta”.

Esan dugun bezala, zientzia-izena Borago officinalis da.
Generoa, latina da (borrago, -inis). Espezieak botiketan eta medikuntzan erabili izan dela erkartzen digu gogora: officinalis “botikakoa” (Berbena eta erromeroa bezala: Verbena officinalis, Rosmarinus officinalis, hurrenez hurren). Farmazia zaharrek “oficina” izeneko gela bat zeukaten, botikak prestatzeko erabiltzen zena.

Intsektuek abesten dute: "Txuri-urdin, txuri-urdin maitia..."
2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)


Quedar en agua de borrajas
Zerbait ezerezean gelditu dela adierazteko erabiltzen da esapide hori. Batzuen iritziz jatorrizko esapideak “agua de cerrajas” (kardabera) jasotzen zuen, eta aldatu de urteen poderioz. Kardabera-urak ez du ezertxotarako balio, hortik omen dator.

Joan Amades-ek Refranyer català comentat (1935) liburuan, “Tornar-se aigua de borratges” esapidearen atzean borrajaren ernatzeko gaitasuna dagoela aipatzen du. Izan ere, herri-sineskeran zabalduta zegoen «zapaltze hutsarekin, emakume bat haurdun gera zitekeela. Errazago oraindik egosi eta haren ura hartzen bazuen». Seguraski, borrajak zapaltzeko esperientzia etsigarri hark (ez zirelako haurdun geratzen) eragina izango zuen gerora esapideak hartu zuen adieran.

2009/04/02

Berdela eta erramua

Bi egun berezi datoz: Berdel Eguna eta Erramu-eguna. Gastronomia eta erlijioa. Zaila da gure herrian bata eta bestea bereiztea. Kristauek sarritan mahaiaren bueltan ospatzen dituzte euren jai seinalatuak; bestalde, hainbatek erlijio bihurtu dute gastronomia: hor dago sagardotegirako erromesaldia…

Berdel Eguna Mutrikun
Mutrikuk Berdel Jaiaren XIV. edizioa ospatuko du zapatu honetan. Ospe txarra zuen arrainari izen ona emateko eta berezko ezaugarri onuratsuak ezagutarazteko sortu zuen jai hau orain dela urte batzuk San Pedro Kofradiak, Udalarekin batera. Gipuzkoako kostaldeko herri hau bisitatzeko aitzakia aproposa izan daiteke tripa-festa hau. Gainera aurten 800 urte betetzen dira herria sortu zenetik…

Berdelak (Scomber scombrus)
Hemendik hartutako irudia

Milaka lagun batuko gara arratsaldeko dastaketa erraldoian; 4.000 kilo berdel prestatuko dituzte dozena bat errezeta desberdinetan: marmitakoa, txatka, kroketak, berdel-errea, pudina, olio-ozpinetan...
XI. edizioko (2006) pintxo batzuk

Arrainzaleok, arrainaren zaporea gustuko dugunok, ikaragarri maite dugu arrain urdin osasuntsu hau. Txikitatik izan dut gustuko berdela.

Garai batean arrain zuria kontsumitzera bultzatzen gintuzten mediku eta adituek. Gaur egun ordea (70eko hamarkadatik aurrera) arrain urdinen ezaugarri osasuntsuak azpimarratzen dizkigute adituek: omega-3 gantz-azidoak proportzio altuetan eta bitamina ugari, besteak beste. Ezin hobea da gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko, kolesterola eta triglizeridoen hazkundea apaltzeko…

Hona hemen zapatu honetarako egitaraua:
• Goizean: BERDEL PINTXOAK doan herriko tabernetan.
• 10:00-14:00: Bertan dendarien elkarteak antolatuta MERKATU TXIKIA izango da Txurruka Plazan.
• 10:00etan: Mutrikuko Kalatxori bela elkarteak antolatuta, MUTRIKUKO V. BELAUNTZIEN ARTEKO TXAPELKETAREN HASIERA.
• 12:00etan: TRIKITILARIAK herriko kaleetan.
• 13:00etan: HERRIKO ABESBATZEN KONTZERTUA, Zabiel Plazan.
• 17:00etan: MUTRIKUKO V. BELAUNTZIEN TXAPELKETAREN BUKAERA.
• 18:00etan: BERDEL PINTXO DASTAKETA, Mutrikuko Portuan.
• 22:00etan: Miruaitz pilotalekuan, URREZKO BERDELA ZESTA PUNTA TXAPELKETA (Sarrera: Doan).

Berdel-piperrada (Algorta, 2006)

Eskonbridoen familiako arrain honen zientzia izena: Scomber scombrus. Familia horretan daude hegaluzea, hegalaburra, atun moja…

Gaztelaniaz: caballa, sarda, verdel (Kantabrian eta Euskal Herrian).

Euskal Herrian, gaztelaniaz:
Verdel (Santurtzi, Algorta… -Hego Euskal Herri osoan, oro har-)
Biruelo (Santurtzi, Algorta): ‘berdel-kumea’
Pelicato (Santurtzi): ‘berdel-kumea’

Euskal Herrian, euskaraz:
Berdela (Armintza, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku,…)
Berdel gaztea (Elantxobe): 'tartekoa'.
Pelikato (Armintza, Bermeo, Mundaka): ‘berdel-kumea’

Beste hizkuntza batzuetako izendapenak ezagutzeko, egin klik hemen.

Bi espezieen antzekotasunagatik eta frantsesez (maquereau), ingelesez (mackerel) eta beste hizkuntza batzuetan daukan izenagatik sarritan beste honekin nahasten da: Scomber japonicus.

Makarela (Scomber japonicus)
Hemendik hartutako irudia.
Euskaraz:
Makarel (Armintza), makael (Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Mutriku...).
Betandi (Lekeitio), betaundi (Elantxobe, Ondarroa), berdel begihandia (Lekeitio).
Gaztelaniaz:
Cuerva (Santurtzi, Algorta), macarel (Zierbena, Algorta), estornino

Frantsesez: Maquereau espagnol eta ingelesez: Spanish mackerel

Garai batean, berdelaren arrantzan arrain honen buztanaren ondoko zatitxo bat jartzen zen amuan. Horregatik gogoratzen dute Algortako arrantzale zaharrek: “Al verdel con carnada de él”. Gaur egungo beita, kolore gorriko soka zatia da.

Gogoratu kanta kresaltsu hura: “Txitxarrua ta berdela, Joxemielen batela…”

Mutrikura bazoazte, on egin!

Erramu eguna gurean
Garizuma amaituta, kristauentzat Aste Santuko lehen eguna da Erramu-eguna edo Erramu-igandea. Egun horretako elizkizunean Jesus Jerusalemen sartu zela gogoratzen dugu. Tradizioaren arabera palma-orriak, olibondo-adarrak eta erramu-adarrak eskuetan hartuta egin zioten harrera Jesusi. Domeka honetan ereinotz adarrok bedeinkatuko ditugu Jerusalemgo gertakari haren oroigarri.

Hemendik hartutako irudia

Euskal Herrian ereinotz edo erramu adarrak (Laurus nobilis) bedeinkatzen dira “Erramu-egunean”. Adar horiek -gurutze forma emanda- etxe atarian josten ziren etxaldea babesteko.
Gure baserri zaharren inguruan erraza da erramu arbola lerdenen bat aurkitzea.